Kanpaina

Irailaren 8, Fisioterapiaren Mundu Eguna ospatzen da urtero. Egun hori sustatu zuen World Confederation for Physical Therapy-k Fisioterapiak pertsonen osasunari eta ongizateari egiten dien ekarpena azpimarratzeko.

Urtero, nazioarteko kanpainak gai zehatz bat lantzen du, eta dibulgazio-material eta baliabideak eskaintzen dizkie profesionalei, erakundeei eta herritarrei, Fisioterapiari buruzko ezagutza eta osasunaren sustapenean eta gaixotasunen prebentzioan duen zeregina herritarrei hurbilarazteko.

2026an, kanpainaren ardatza da Fisioterapiak osasun kardiobaskularrean eta iktusaren prebentzioan duen zeregina, eta azpimarratu egiten du zein garrantzitsuak diren ariketa fisikoa, ariketa terapeutikoa eta laguntza profesionala bizitza aktiboa eta osasuntsua izateko.

Fisioterapeutaren balorazioa

Fisioterapiak lagundu egin dezake gaixotasun kardiobaskularrak prebenitzen eta kontrolatzen, banakako balorazioaren bidez. Balorazio horri esker, arrisku-faktoreak identifika daitezke, eta pertsona bakoitzari egokitutako helburuak ezar daitezke.

Fisioterapeutak ariketa terapeutikoko programa pertsonalizatuak diseina ditzake, bizitza osasuntsurako ohiturei buruzko orientabideak eman, eta ariketa egitearen inguruko beldurrak edo ziurtasunik-eza gainditzen lagundu.

Horrez gain, Fisioterapiak lagundu egiten du egoera fisikoa hobetzen, bizitza aktiboari eusten eta bizi-kalitate hobea izaten; izan ere, hezkuntza zein tresnak ematen ditu pertsona bakoitzak parte-hartze aktiboa izan dezan bere osasunaren zaintzan.

Balorazio indibidualizatuari esker, ariketa terapeutikoko programa egokiena diseina daiteke, pertsona bakoitzaren premien, gaitasunen eta helburuen arabera.

30 minutuz ariketa egitea, astean bost egunez

Ariketa fisikoa maiztasunez egitea funtsezko tresna da iktusa prebenitzeko. Fisioterapeutak profesional adituak dira ariketaren esparruan, eta lagundu egin diezazukete zuretzat egokiena den ariketa hautatzen eta zure premien, gaitasunen eta helburuen arabera egokitzen.

Ariketa aerobikoa

Bihotza osasuntsu izaten laguntzen du, eta hobeto egiten du eguneroko jarduerak hainbeste nekatu gabe eta arnas hartzeko zailtasunik gabe egiteko gaitasuna.Halaber, aldartea eta atsedena hobetzen ere lagun dezake, eta arrisku kardiobaskularra murriztu

Indarraren entrenamendua

Areagotu egiten du muskuluen indarra, eta eguneroko zereginak eta ariketa bera ahalegin txikiagoarekin egiten laguntzen du

Oreka- eta malgutasun-ariketak

Segurtasun handiagoz mugitzen laguntzen dute. Malgutasunak ahalbidetu egiten du mugitzea, eta lagundu egin dezake minak eta lesioak murrizten; oreka lantzeak, berriz, hobeto egiten du oreka, eta lagundu egiten du erorikoak izateko arriskua murrizten

Iktusak aldatu egiten du pertsonen bizitza. Prebentzioaren garrantzia

Iktusak inpaktu garrantzitsua izan dezake pertsonen eta ingurukoen bizitzan. Mugak eragin ditzake mugikortasunean, bai eta eguneroko jarduerak egiteko zailtasunak eta mendekotasun-maila desberdinak ere. Ondorioek osasun fisikoari ez ezik, gizartean, lanean eta familian parte hartzeko gaitasunari ere eragiten diote; izan ere, mugatu egiten dute pertsona bakoitzarentzat garrantzitsuak diren jarduerak egiten jarraitzeko aukera.

Hori dela eta, iktusa prebenitzea autonomia galtzeko arriskua prebenitzea ere bada. Ariketa eta jarduera fisikoa modu seguruan eta egokituta egiten hasteak, arrisku kardiobaskularraren faktore nagusiak kontrolatzearekin batera, lagundu egin dezake bizitza aktibo eta osasuntsua izaten. Testuinguru horretan, Fisioterapiak zeregin garrantzitsua du bai ohitura osasungarrien sustapenean, bai iktusaren ondorioen prebentzioan eta osasuna berreskuratzean.